GIZON ZAHARRA
(1897)

Kafetxe zaratatsu bateko barrukaldean,
mahaiaren gainean makurtua jezarrita dago gizon zahar bat;
egunkari batekin aurrean, lagunik gabe.

Eta zahartzaroaren goibelaren erdiko destainean,
gogoeta egiten du zein guti gozatu zituen urteak
kemena zeukanean, eta etorria, eta edertasuna.

Badaki asko zahartu dena; ohartzen da, ikusten du.
Eta horratik gazte zeneko garaiak atzo ematen du.
Zein tarte laburra, zein tarte laburra!

Eta pentsatu egiten du zelan Zuhurtziak iruzur egiten zion;
eta zelan berarengan fedea zeukan beti —hori erokeria!—
gezurtiarengan erraten ziona beti: «Bihar. Badaukazu astirik».

Oldarrak gomutatzen ditu balaztatzen zituenak; eta zenbat
alegrantzia sakrifikatzen zuen. Beraren burugabeko ezagutzaz,
orain, galduriko abagadune bakoitzak egiten du iseka.

Baina gogoetaren gogoetaz eta gomutaren gomutaz
gizon zaharra trenkaturik geratu da. Eta loak hartzen du
kafetxeko mahaiaren gainean makurtua.

Hasiera